AENEAS logo
 EN | DE | PL | DK | ES | EU | FR
- A B C +
DONOSTIA KRAKOVIA MUNICH ODENSE SALZBURGO





 

Krakoviari buruz

Krakow Main Square
Krakovia

Polonia hegoaldeko hiria da Krakovia, eta 760.000 biztanle ditu. Hori dela eta, herrialdeko hiririk handienetako bat da. Bertako historiak, kulturak eta zientziak oraindik orain garrantzi handia dute garapen ekonomikoan eta turistikoan: Krakovia Gizateriaren Natura eta Kultura Ondarearen parte da; 2000. urtean Europako kultur hiriburua izan zen; urtero 8 milioi turista izaten ditu; eta Jagiellonian Unibertsitatea 14.000 ikaslek betetzen dute. Unibertsitate hori Ekialdeko eta Erdialdeko Europako unibertsitaterik zaharrenetariko bat da.

Urte askoan, industriaren berregituraketa zorrotzaren helburuak honako hauek izan dira: ingurumenaren aztarna murriztea, teknologia berritzaile eta eraginkorretarako bidea suspertzea, eta ekoizpen-kostuak murriztea. Hiriaren garapen-estrategia Krakoviako metropoli-funtzioak indartzea da (hau da, kulturaren, artearen, zientziaren, turismoaren, zerbitzuen eta industria modernoaren Europako erdigunea izatea), bai eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ere.
 

Krakoviako garraioaren egoera

Nahiz eta Krakoviak jabetzan auto asko izan, oraindik moduzko banaketa positiboa du, garraio publikoan egiten baita bidaien % 60 (tranbian eta autobusean). Hala ere, hiriaren hazkundea eta ibilgailuen hazkundea bateratu ditugu, bai eta mugikortasun handiagoa izatea eta errepideak zaintzeko gero eta axolagabekeria handiagoa izatea ere. Eta horren guztiaren eraginez, bideko azpiegitura eta garraio publikoa bihurtu dira Krakoviako erronkarik garrantzitsuenak. Hiriaren erdigunean, aparkamendu arautuak eta oinezkoen eremuak ipini dira. Aparkatzeko 18.000 toki daude, bereziki, kale eta espaloietan, eta horrek arazoak sortzen dizkie oinezkoei eta txirrindulariei. Eremu horietan aparkatzeko, euro bat ordaindu beharko da orduko; bide publikotik kanpo dagoen merkataritza-aparkamenduan, berriz, 2.30€. Etorkizunean, zirkulazio-eremuak eta aparkamenduak zabaldu egingo dira, eta lur azpiko aparkamenduak egingo dira, oinezkoek leku gehiago izan dezaten.

MPK garraio publikoaren operadoreak 493 hiribus ditu (gehienak autobus modernoak dira, plataforma baxuak dituzte, eta emisioei buruzko Europako araurik zorrotzenak betetzen dituzten motorrak dituzte), eta 424 tranbia-auto, guztira 153 lineetara heltzen direnak. Urtean 350 milioi bidaiari inguru mugitzen ditu batetik bestera. Tranbia-sarearen 84 km-ko bidearen % 50, gutxi gorabehera, ibilgailu-zirkulaziotik bereizita dago.

Hiriko garraio-politikak, 2007ko uztailean berrituak, bidaiarien eta merkantzien garraio-sistema eraginkorra, segurua eta ekonomikoa sortu nahi du, bai eta ingurumena errespetatzen duena ere. Horrenbestez, lan sakona egin beharko da, garraioen planteamendua, diseinua eta kudeaketa aurrera eramateko. Gainera, inbertsio handiak ere egin beharko dira. Honako hauek izango dute lehentasuna: autobus-erreiek, tranbia-lineek, garraio publikoaren lehentasuna eta puntualtasuna bermatuko dituen zirkulazioaren kontrol eraginkorrak, eta hiriko alde zaharrera sartzeko zirkulazio-murrizketak.

Adinekoen mugikortasuna Krakovian

Krakovian, adinekoek abantaila batzuk dituzte garraio publikoa erabiltzeko orduan. Alde batetik, 70 urtetik gorakoek garraio publikoan ibiltzeko doako txartelak dituzte, eta erretiratutako pertsonei beherapen bereziak egiten dizkiete.

Beste alde batetik, autobus eta tranbia gehienek plataforma baxuak dituzte, adinekoak ibilgailuetara modu seguru eta errazean sartu ahal izateko. Gainera, Krakoviako tranbiek helduleku gehigarriak dituzte sarreretan. Eta zenbait eserleku ere izaten dute adineko pertsonentzat erreserbatuta, guztiek ikusteko moduan adierazita.

Azpiegiturari dagokionez, nasa gehienak berritu egin dituzte, eta kalearen maila espaloien mailara egokitu dute, sartu-irtena errazteko. Autobusek eta tranbiek geltoki berberak dituzte zenbait kasutan, eta horrek aldaketa eroso eta segurua ziurtatzen du.

Krakovia harro senti daiteke, garraio publikoan dagoen irtenbide berritzaileenetako bat ere abian baitauka: Tele Bus zerbitzua. 2007ko uztailean jarri zen abian, CIVITAS CARAVEL Europako proiektuaren barruan. Zerbitzu horren bidez, garraio publikoa jarri nahi izan zitzaien garraio publikoaren ohiko zerbitzurik jasotzen ez zuten eremuetan bizi ziren herritarrei (biztanle gutxi zirela medio). Tele Bus zerbitzuari esker, herritarrek garraio publikoa neurrira antola dezakete, egun eta ordu jakin batean, telefonoz.

Oinezkoen eremua ere asko hobetu da. Semaforoek soinu edo ahots bidezko informazioa ematen dute, eta hori oso konponbide ona da ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzat. Bidegurutze nagusietan, garaiera jakin batean jarri dituzte igarobideak, adineko pertsonak errazago mugi daitezen.

Azkenik, herritarrek erabaki-prozesuan parte hartzeko aukera dutela aipatu behar; izan ere, barrutiko batzordeak kezkatzen dira garraio publikoa antolatzeko konponbide berriak sortzeaz, azpiegiturak eraikitzeaz eta errepideak diseinatzeaz.

Krakoviako jarduerak AENEASen

Krakoviak 3 kontzeptu/jarduera nagusi garatuko ditu:

  1. Laguntza-zerbitzua, aldageltoki nagusietan.

  2. Garraio publiko seguruagoa, adineko pertsonentzat.

  3. Energia aldetik eraginkorrak diren garraioei buruzko marketin eta informazio-kanpainak, adineko pertsonentzat.

Lehenak, adineko pertsonei garraio publikoa erakargarria egitea bilatzen du, eta modu autonomoan bidaiatzeko aukera eman nahi die. Hori dela eta, garraio publikoko bi aldageltoki nagusietan langileak jarriko dira urte betez, eta 50 bat pertsona inguruk laguntza jasoko dute egunero aldageltoki horietan. Gainera, abian jarriko da zerbitzu hori bultzatzeko kanpaina bat ere.

Bigarren neurriari dagokionez, gazteei zuzenduriko kanpaina bat egingo da, garraio publikoan adineko pertsonei laguntzeak nolako garrantzia duen azpimarratzeko. Bigarren puntu honetan, hobeto adieraziko dira adinekoentzat gordetako eserlekuak zein diren. Autobusetan eta tranbietan segurtasun handiagoz ibiltzeko, hobeto seinalatutako gerrikoak eta eskubandak ezarriko dira.

Hirugarren jardueraren ideia nagusiaren arabera, adineko pertsonek energia aldetik modu eraginkorrean bidaiatzeko beharra dutela ulertu behar dute. Helburu hori lortzeko, hainbat jarduera antolatuko dira (bizikleta-itzuli bat, jarduera berezi bat Europako Mugikortasunaren Astean eta bizikleta-rally bat, besteak beste), 10.000 liburuxka banatuko dira, eta 10.000 etxetara helduko da informazioa zuzenean.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagorekin, 5 bilera edo prestakuntza-saio prestatuko dituzte, adineko pertsonen erakundeekin batera (bakoitza 50 partaiderekin).


Informazio gehiago lortzeko edo gurekin harremanetan jartzeko:

Hiriko web-orria

Tomasz Zwolinski
zwolinto@um.krakow.pl

Dariusz Niewitała
niewitda@um.krakow.pl

Municipality of Krakow
City Infrastructure Office
Tel. (48-12) 616-8748, (48-12) 616-8780

City logo

 

 

 

 

 

 

 

 
Web gune honen edukia ardura egileena da soilik. Ez dator bat, derrigorrez, Europar Batasunaren iritziekin. Europako Komisioak ez du liburuxka honetako informazioaren erabileratik erator daitezkeen ondorioen ardurarik hartzen.